XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pazifikoko ur hotzek bakarrik markatzen dute ordua, zeren eta bizpahiru ordu uretan eman ondoren, nahiz eta wetsuit ona eraman, erabat izoztuta geratzen zara, eta are odol presio baxua baduzu, nere kasuan bezala.

Alegia, ez naiz surfari prototipikoa.

Kuriosoena zera da, San Diegon lehenengo hiru hilabeteetan surfari batzuen etxean bizi izan nintzela.

Alkohola eta bestelakoak ugari ibiltzen ziren etxe hartan eta beti izaten zen festaren bat.

Lagun surfari berriren bat azaltzen zen bakoitzean etxekoek harrotasunez aurkezten ninduten, euskalduna nintzela esanez, Mundakakoa.

Mundaka hitza entzun bezain pronto denek halako errespetuz begiratzen zidaten.

Izan ere, Kaliforniako surfari guztiek dakite Spain-en badela leku zoragarri bat, beharbada Europako onena, halako Hawai europar bat, eta leku honen izena Mundaka dela - beste leku ezaguna Miarritze da.

Bai Mundaka zein Miarritze sarri azaltzen dira Kaliforniako surf aldizkarietako argazkietan.

Jakina, nik ezin esan Mundakakoa ez nintzenik surfari haiei.

Denbora gehiegi behar esplikazioak emateko.

Behin bakarrik izan naiz Mundakan eta ez surfean prezisamente.

Hala ere, aldizkari kaliforniarretako argazkietan ikusi nuenaz eta Mundakako zenbait oroitzapen ilunez baliatuz, hor ibiltzen nintzen esplikazio erabat teknikoak ematen Mundakari buruz surfari lagun berri guztiei.

Beraz, koneksio surfari euskaldun-kaliforniar bat dagoeneko eraikita dago.

Orain Santa Kruzen, alegia Kalifornia iparraldean, bizi naizenez gero, Kalifornia iparraldeko mundu surfaria idoro dut, ur benetan hotzetako surf estiloa.

Hemen ura bost gradutik gora ez da inoiz igotzen eta wetsuit lodiak jantzita ibili behar.

Gainera, Santa Kruzek leku oso berezia du surfaren historian.